
ARRAIN AZOKAREN XXV. URTEURRENA
Arrain Azoka duela mende laurden jaio zen Bermeoko ekonomiaren pilare nagusietariko baten potentziala, kontserba-industria, publikoari ezagutarazteko asmoarekin. Geroztik, Kantauri itsasoko arrain eta kontserba munduan erreferentziazko azoka bilakatu da, bertako produktuak sustatzeaz gain, urtez urte ekintza programazio zabala eskainiz.
Bere XXV. edizioak, maiatzak 17, 18 eta 19an ospatutakoak, Lamera Parkea izan du berriz ere bere jardueren epizentrotzat, itsasoko produktuen azoka eta BTWC (Bermeo Tuna World Capital) karpan ospatu diren konferentzia eta tailerrekin. Gainera, hainbat kontzertu, itsasora irteera eta kontserberetara bisita eskaini dira, eta Kofradia Zaharrean bertako produktuekin prestaturiko errezetak dastatu ahal izan dira, helburu solidarioekin.

TESTIGANTZAK
HEGALUZE SARIA
ERROXAPERENTZAT DA AURTENGO AZOKAKO HEGALUZE SARIA
- BUSTURIALDEKO HITZA, 2019/05/08 -
Emakume elkarteak urteetan Arrain Azokan izan duen inplikazioagatik jasoko du saria, eta emakumeen ahalduntzean egiten duen lana aitortu dio epaimahaiak.
25 urteko bidea goraipatuz. Epaimahaiko kideen berbetan, “goraipatzekoa da gainera Erroxape emakume elkarteak izan duen eboluzioa ikuspegi feminista batetik. Horregatik guztiagatik aurtengo Hegaluze saria Erroxape taldearentzat izango da. Zorionak”.
ERRONKA GARBIA

Erronka Garbia ziurtagiriak, Ihobe Ingurumen Kudeaketa Sozietate Publikoak emandakoak, ekitaldiek ingurumenean eragin ditzaketen inpaktu negatiboak minimizatzeko asmoz diseinuan eta antolakuntzan ingurumen-neurriak txertatzen dituzten ekitaldiak aitortzen ditu. Horrela, ekimena barneratzen duten ekitaldiek hainbat jasangarritasun neurri ezartzen dituzte jarraian adierazten diren sei jokabide ardatzetan, ingurumen-sentsibilizazioa aurrekoekiko ardatz transbertsaltzat utzita.
Garraio publikoaren errefortzua azoka egunetan Euskotrenek eta Bermibusek tren eta autobus zerbitzu bereziak eskaini dituzte, publikoa ekitaldi ezberdinetara garraio publikoan etortzea sustatzeko.
Hurbileko hornitzaileen kontratazioa, Ekitaldiko hornitzaileen %93,5-a hurbilekoak (Bizkaia) izan dira.
Eguneko programazioaren diseinua eguzki-argia ahalik eta gehien aprobetxatu eta elektrizitate kontsumoa murrizteko helburuarekin; Beharrizan energetikoen diseinu egokia stand-etan instalatutako potentzia doitu eta gehiegizko kontsumoa ekiditeko asmoz; Kontsumo baxuko ekipoen erabilera argi eta soinu ekipoak aukeratzeko orduan efizientzia energetikoaren irizpidea kontuan hartuz.
Garbiketa-uraren kontsumo arduratsua: Bermeoko Udalaren kale-garbiketa zerbitzuek ekipo eraginkorrekin lan egiten dute eta uraren kontsumo arduratsua praktikatzen dute. Guztira, Azokak iraun duen egunetan 72 m3 ur kontsumitu dira honek barneratutako esparruen garbiketa lanetan.
Edalontzi eta baxera konpostagarria Kofradi Zaharrean, erabilera bakarreko plastikoa ekiditeko; Bertako eta sasoiko produktuen sustapena; Baliabide digitalen erabileraren bidezko inprimatutako paperaren murrizketari esker 183 kg CO2 eq. inguru emititzea ekidin da.
Azpiegitura berrerabilgarrien erabilera, desmuntatu eta beste edizio edo ekitaldi batzuetan erabili daitezen. Gainera, antolakuntzak edizioaren data edo zenbakiarekin ekoiztutako lona edo kartelak ekiditen ditu, behin aurtengo edizioa bukatuta zuzenean hondakin bihurtu ez daitezen.
Hondakinen bilketa-selektiboa. Udalak bilketa selektiboko errefortzuzko edukiontziak ezartzen ditu Lamerako ingurumarietan, sortutako hondakin guztiak era egokian kudeatu daitezen. Guztira, 122 kg hondakin organiko, 400 kg paper/kartoi eta 16.655 kg beira jaso dira, 69 kg CO2 eq. emititzea ekidinez.