Gaztelugatxeko San Juan

Hasiera > Gaztelugatxeko San Juan eta Matxitxako Lurmuturra

Magia duen lekua da Gaztelugatxe. Itsasoaren eta lurraren borrokak sortutako irla naturala dugu, mendeetan zizelkatutako arku eta kobaz osatutakoa. Haitz gaineko gaztelua da, hortik izena.

Kostaldeko leku zoragarri hau bisitatzeko kontuan izan:

  1. Gune hau biotopoa da, beraz, bertako aberastasun ekologikoa zaintzea guztion ardura da.
     

  2. Iluntzeak zoragarriak dira.
     

  3. Gaztelugatxeko San Juan bisitatzeko ez joan kotxez, utzi zure kotxea Bermeon, eta garraio publikoan bertaratu zaitezkete.
     

  4. Norberaren osasun neurriak ezagutzea komeni da, ibilbide honek esfortzu fisikoa eskatzen du. Ez ahaztu oinetako egokiak eta ura eramaten…
     

  5. Eguerdiko orduak jendetsuenak dira, batez ere uda sasoian eta jai egunetan.
     

  6. Itsasoz bisitatu nahi duzu inguru hau? Bermeotik ateratzen da Hegaluze itsasontzia www.hegaluze.com
     

  7. Meza egunak: ekainaren 24, uztailaren 31, abuztuaren 29 eta abenduaren 30.
     

  8. San Juaneko oroigarri bat nahi izanez gero, Bermeoko Gaztelugatxe gozotegian, eskatu San Juanen Oinatzak.
     

  9. Urpean Lucariniren Begoñako Andra Mariren irudia dago. Urpekaria ez bazara, Bermeoko San Frantzisko Eleizan dago erreplika bat.
     

  10. Game of Thrones telesailean Dragonstone errepresentatzen du Gaztelugatxek.

Itsasoak ur azpian kolorez beteriko arrezifeak eta Begoñako Ama Birjinaren irudia ditu. Gotorleku izan da hainbat batailatan, Gaztelako koroaren aurka erresistentzian edota kortsarioen erasoen aurrean, adibidez. Era berean, Erdi Arotik erlijio ohituren eta sinesmenen erreferente ere badugu.

Euskal kostaldeko peregrinazio leku jendetsuena dugu eta erromesaldi egunik handiena ekainaren 24a izaten da.

 Gehienak egunpasa etortzen dira, baina badira oraindino promesak betetzera edota santuari eskerrak ematera datozenak. Duela urte gutxitik hona, goraino igotzen direnek hiru kanpaikada jotzeko ohitura hartu dute.

Akatz Uhartea

 

Akatz edo Aketx irla altxor handi baten gotorleku da, ekaitz txoria (Hydrobates pelagicus) bizi baita bertan. Txori txiki gautar hau ez da erraza ikusteko, ez bada ekaitzetan kostara hurbiltzen denean babesa bila. Beste bitxikeriarik ere badu, hainbat basolibondo baitaude bertan. Zuhaitz hauek klima askoz leunagoa zeneko aztarna biziak dira.

Gaztelugatxeko erlijio errituak itsasoari lotutakoak dira eta ermita barruan hainbat eskaintza daude zintzilik: itsasontzien maketak, pinturak, argazkiak... Marinelek eta arrantzaleek ontzia  itsasoko arriskuetatik babestearren santuari eskerrak emateko egin ohi dituzten ofrendak dira.

 

Hegaluzearen kostera hasieran, arrantzaleak eta neskatilak Gaztelugatxera joaten dira, Santuari osasuna, eguraldi ona eta arrain asko eskatzera. Eskaera errituak itsasotik ere egiten dira eta arrantzaleek itsasontziak Gaztelugatxe ingurura  ekartzen dituzte “eginbeharrak” egitera: hiru buelta ababorrera eta hiru istriborrera. Batzuk San Joan belarren sorta ere botatzen dute kubiertatik, zartagin batean erre ostean. XXI. mendeko atun-ontzi punteroenek ere, teknologia berritzaileena instalatu eta kontrolik zorrotzenak pasatu ostean, hona datoz erritua egitera, Tropikora arrantzara abiatu aurretik.

241 harrizko eskailera igo behar dira Gaztelugatxe goraino heltzeko. Kondairak dioenez, santuak hiru pausu baino ez zituen behar izan Bermeotik ermitaraino ailegatzeko. Ikusi duzu haitz gaineko oinatz marka? Bermeoko harresiaren Sanjuanportalen dago lehenengoa eta diotenez, hemen eta han oina sartzen duenak, oinetan kailurik ez du izango urte osoan.

 

Matxitxako Lurmuturra

Penintsula osoan ezingo duzu lekurik aurkitu iparrerago, itsasargi biek (zaharrak eta berriak) eta naturaren indarrak magiko bihurtzen dute gunea. Zeru eta itsasoaren handitasuna sentitu nahi baduzu geratu eguzkia nola sartzen den ikustera, argazkiak berez aterako dituzu.

Bizkaiko itsasoaren indarkeriak eta alde honetako ekaitzen suminak, untzi asko hondoratu ditu. Oso txar eta tragikotzat hartu ahal dira 1878ko Larunbat Santuko eguerdian jazotako jazoerak: hurakan bortitzak 14 batel eta 3 txalupa hondorarazi zituen eta Bermeoko 85 itsasgizon ito ziren. Gogoratzeko beste data bat 1912ko abuztuaren 12tik 13rako zorigaiztoko gaua da: enbataren ondorioz, 116 bermeotar hil ziren.

Honela, arrantzaleen laguntzarako Bermeok hiru itsasargi izan ditu:

Herrian bertan, Errosapeko itsasargia (1912) Lamiaran puntaren mendebaldean dago. Seinale horrek Bermeoko porturatzea erraztea du eginkizun. Argi zuri eta gorriaren itxura du, 6 segunduoroko bi ezkutaldiko taldetan; bederatzi miliako ikuspena du.

Matxitxako izena duten bietatik jatorrizkoa, 1852ko abuztuaren 21ean inauguratu zen.

Obren aparejadorea Juan Martinez Aparizio, eta garai hartan 132.531 erreal kostatu zen dorrea, Durangaldeko harrobietatik etorritako harri landukoa, eta 233.796 erreal aparatu optikoa. Hura Matxitxako lurmuturraren puntarik irtenenean. Beraren proiekzio optikoari eta geometrikoari jarraiki, itsasargia lehen mailakoa zen, orduko irismenik handiena, 23 miliakoa. Argi mota finko zuria zen, 4 segunduro distirak ateratzen zituena. Argizko fokuaren garaiera, itsasoaren mailaren gainekoa, 79,42 metrokoa da. Hiru dorrezain zituen eta 1909ko abendura arte jardunean egon zen. Gerora, dorre zahar hori lainoadar bezala aprobetxatu da.

Hegoaldetik 110 metrora dago Matxitxakoko egungo itsasargia. 1909an inauguratu zen. Rafael de La Cerda ingeniari ospetsuaren lana izan zen.

 

Itsasargi-eskola bezala balio izan zuen. Eraikinak, dorrezainen etxea, biltegia eta tresna-gordetegia denak, planta angeluzuzena du. Sarrera nagusia erdi-puntuko arkukoa da. Era berean, solairuak eta baoak molduren bitartez azpimarraturik daude, kalostraz erremataturik daudela. 7 segunduoro agertzen da distira zuria, eta irismena 35 miliakoa da. Foku-planoa itsasoaren mailaren gainean 122 metrora jarrita dago, eta lurraren gainean 20,6 metrora. Argiak Castro Urdialesen eta Deba ibaiaren arteko aldea irradiatzen du.

Matxitxakori buruz gabiltzala ezin aipatu gabe utzi, 1937ko Martxoaren 5ean gertatutako Itsas Gudua. Izan ere, Eusko itsas Gudarosteko 35 marinelek bizia eman zuten errepublikaren aurka matxinatutakoen Canarias gurutze-ontziaren aurkako batailan.

1/1

Ibilbideak

Paisaia paregabe eta altxor arkitektonikoak barnebiltzen dituzten ibilbide hauek egiteko egoera fisiko onean egon beharra dago. Hori bai, esperientzia paregabea da.

Oinetako egokiak eta ura eraman behar dira. Inguru Babestua denez, bertoko animalia, landareak eta inguruko lasaitasuna zaindu behar dira. Norberaren zaborrak ere bueltan eraman behar dira.

Planoaren PDF-a eskuratu

Turismo Bulegoa

Lamera Ibilbidea Z/G 

48370 Bermeo, Bizkaia

turismoa@bermeo.eus

(+34) 94 617 91 54

Website developed by arriguri

Photography by Izaro Abaroa