top of page

Andra Mari Eliza

Interes Puntuak > Andra Mari Eliza

Desagertutako Talako Andra Mari eliza handia erortzean eraiki zuten Goiko Plazan, Bañosko kondeen jauregia zegoen lekuan. Eraikitze lanak 1820tik 1866ra bitartean egin zituzten.

Bizkaiko arkitektura neoklasikoko erreferente garrantzitsuenetarikoa da, greko-erromatar tankerakoa, zutabe dorikoz hornitutako atariarekin. 1783an eman zuen eraikitze agindua Colon de Larreategui korrejidoreak. Gurutze latindarreko oinplanoa du baina alde batean zirkuluerdiko absidea eta bestean bi dorre jarri zizkioten.

 

Barrutik, kupula bat dago sabaiaren erdian, eta ganga mota ezberdinak gainerakoan. Absideak labe-ganga, alboetako kaperek ertz-ganga eta nabeak gurutzadura-ganga dituzte.

Ataria da elizako elementurik deigarriena, bi dorreen artean, hainbat doriar zutabek sostengatzen duten hiruki formako frontoia baitauka.

Azkenik, barruko erretaulak balio handiko altxorrak dira, batez ere Andre Mariaren Zeruratzearen irudi erromanista bikaina, antza denez, Talako Andra Mari eliza zaharretik ekarri zituzten.

 

Aipatzekoak dira barruan Jose Alcoberrok eta Pedro Belaunzaranek egindako erretaulak eta irudiak, Pablo Urangaren freskoak eta Lopez Alberdiren organo neogotikoa. Lanak 1820 eta 1858 urte bitartean egin zituzten eta azkenik 1866an zabaldu zen plazako eliza berria, Silvestre Perez eta Alejo Miranda arkitektoen diseinuarekin. Kanpandorrea 1899an eraiki zen.

Abuztuan antolatzen den Nazioarteko Musika Asteak, Andra Mari elizan izaten ditu kontzertu gehienak, batez ere kupulak eskaintzen duen akustika ezin hobeaz gozatzeko.

Beste interesgune batzuk
bottom of page